XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lur lehorrean, mando-bideek ibar-gora egiten zuten, mendi portuen bila; meazkia, ordea, (hain astuna, hain pisua!) errazkiago joaten zen, ibai-behera, itsasoraino.

Hori zen kalitatea aparte bizkaitar burdingaiak zuen abantaila bat: ibaia bertan eta itsasoa gertu.

Burdingaiaren ekarreramanak askori ematen zion jaten: 500 bat zamari (mando eta zaldi), 450 bat gurdi eta 600 bat itzain ziren garriatzaileak Bilbo inguruetan, Industri Iraultza hastean (1865).

Baina, aurreko mendeetan, ez zen noski horrenbestekorik, oso berandukoak izan bait dira bide berrikuntzak Euskal Herrian, XVIII. mendekoak gehienbat.

1545etik dakigunez, burdingaia hiru herenetan partitzen zen bata itsas-ontzigintzarako, bigarrena harma, iltze eta lanabesetarako, eta hirugarren, partea herbesteko salmentarako.

Herbestera egin behar zen garrioa salbu, Gipuzkoako burdinolak ziren meazki gehien behar zutenak.

Meazkirik istimatuena bizkaitarra zenez, premiazkoa zen batetik besterako bideak zaintzea.

Bilbo aldean etengabea zen burdin garrioaren emana.

Bizkaiko kaietako ontziek (Barakaldo, Plentzia eta Ondarruakoak aintzindari) errenderian jasotzen zuten burdingaia nahiz burdin landua.

Portu eta mugetan errenderia hauek ziren burdinaren gordeleku: Gernika, Ondarrua eta Pasaian ezagunak ditugu orain ere izen horixe gorde duten herri eta hauzoak.

Ibaien bokaleetatik, zamarien bizkar iristen zen burdingaia oletaraino.

Eta ola zaharrek ere gero eta gehiago zuten ibai behera etortzeko joera, edota esandako gordelekuak sortzen ziren ibaietan: halanola, Deban Altzola, Urolan Bedua edo Orian Arrazubia (Ciriquiain-Gaiztarro).

Itsas-bidez eramaten zen Ipar Euskal Herrira ere burdina, merkatalgai hau bait zen Erdi Harotik honakoan (Nafarroako gari eta artilearekin batean) Euskal Herri osoari ekonomi batasuna ezarri ziona:(...).